IMANOL PRADALES LEHENDAKARIAREKIN SOLASALDIA. EUSKADIREN ERRONKAK ETA LEHENTASUNAK - UZTURRE FOROA
· “Euskadiren erronkak eta lehentasunak” izango da solasaldi berri honen hausnarketarako gaia.
· Gaur egungo egoeraren ziurgabetasunak sortzen duen kezka gizartearen ardura nagusietako bat da, zalantzarik gabe.
· Azkenaldian gertatutakoek, hala nola hauteskundeetarako deialdi berriak, interes eta gaurkotasun handiagoa eman diote ekitaldiari.
· Helburua da egungo egoeraren gakoak ulertzea, euskal gizartean duten eragina aztertzea eta Euskadik zein helburutan jarri behar duen arreta antzematea.
· Jaime Otamendi eta Aintzane Bolinaga kazetariek gidatuko dute Pradales Lehendakariarekin izango den elkarrizketa.
· Uzturre Foroak antolatutako hamaikagarren ekitaldia da hau. Aurreko ekitaldietako grabazioak www.uzturreforoa.eus webgunean eta elkarteko YouTube kanalean daude eskuragarri.
Imanol Pradales Lehendakaria izango da Uzturre Foroaren hurrengo gonbidatua. “Euskadiren erronkak eta lehentasunak” izenburupean antolatu da solasaldi berria. Gai horrek bat egiten du Uzturre Foroaren sorrerako helburuarekin: hain zuzen ere, “gure gizartearen egungo erronkei eta lehentasunei heltzea”.
Komeni da argitzea Uzturre Foroak uda aurretik egin ziola Lehendakariari gonbidapena; hau da, azkenaldiko gertakariak, hala nola azaroaren 29rako hauteskunde orokorretarako deialdia, ezagutu baino askoz lehenago. Gertakari berri horrek eta sortutako testuinguruak ez dute deialdiaren jatorrizko zentzua aldatzen; aitzitik, interes eta gaurkotasun handiagoa ematen diote.
Azken batean, galdera da zein diren, Lehendakariaren iritziz, Euskadiren eta euskal gizartearen erronkak eta lehentasunak, nazioarteko eta Estatuko testuinguru hain konplexu eta zail honetan. Zalantzarik gabe, egungo egoeraren ziurgabetasunak eragiten duen kezka gizartearen ardura nagusietako bat da.
Esparru horretan, ekitaldiak bi helburu ditu: batetik, Lehendakariaren iritziz egungo egoera ulertzeko gakoak zein diren eta euskal gizarteari nola eragiten dioten ezagutzea; bestetik, Euskadik orain eta etorkizun hurbilean zein helburutan — erronka eta lehentasunetan — jarri behar duen arreta antzematea.
Hitzordua datorren asteartean izango da, urriaren 27an. Oraingoan, hasiera-ordua zertxobait aldatu da: 18:30ean hasiko da. Topaketa hau Juanjo Alvarez eta Anton Losadaren parte-hartzearekin duela astebete egin zen solasaldi arrakastatsutik hamabost egunera izango da. Orduko hartan ere Topic-eko aretoa bete egin zen. Jaime Otamendi eta Aintzane Bolinaga kazetariek gidatuko dute Lehendakariarekin izango den elkarrizketa. Uzturre Foroaren ekitaldi guztietan ohikoa den moduan, bertaratutakoek galderak egin ahal izango dituzte saioaren hasieran banatuko diren txartelen bidez.
Uzturre Foroaren hamaikagarren deialdia izango da hau, iazko martxoan sortu zenetik. Besteak beste, honako gonbidatu hauek izan dira bertan: Aitor Esteban, Arantza González Laya, Euge Arrizabalaga, Eider Mendoza, Maribel Vaquero, Maria Ubarretxena, Oihane Agirregoitia, Alberto Martínez, Jon Sarasua, Manuela Carmena, Enric Juliana, Raquel Martí, José García Montalvo, Santi Peñalba eta, azkenik, aipatutako Anton Losada eta Juanjo Alvarez. Ekitaldi guztien grabazioak www.uzturreforoa.eus webgunean eta elkarteko YouTube kanalean daude ikusgai.
“Uzturre Foroaren Adiskideak”
Uzturre Foroak aukera hau baliatu nahi du gogorarazteko “Uzturre Foroaren Adiskideak” figura sortu duela, erakundea harekin harremanetan jarraitzeko eta Tolosaldean dituen helburuak babesteko interesa duten pertsona guztiei irekitzeko asmoz. Urriaren 27ko ekitaldian informazio-diptikoak banatuko dira, nahi duenak izena eman ahal izan dezan.
Uzturre Foroaren Adiskidea izateak ez dakar inolako kuotarik ordaintzea. Ekonomikoki lagundu nahi duenak geroago sortuko den Bazkide figuraren bidez egin ahal izango du. Uzturre Foroaren Adiskidea izan nahi duten pertsonek www.uzturreforoa.eus webgunearen bidez eman dezakete izena. Halaber, info@uzturreforoa.eus helbidera idatz dezakete, izen-abizenak, posta-helbidea, e-maila eta telefonoa adieraziz, eta Uzturre Foroaren komunikazioak zein bidetatik jaso nahi dituzten zehaztuz: posta arrunta, e-maila edo WhatsApp.






