ErakusketakAranburu Jauregia

XABIER OBESO - BARRUKO ARGIAREN BILA

ErakusketakAranburu Jauregia

XABIER OBESO - BARRUKO ARGIAREN BILA

Tolosa 20400 Gipuzkoa

BARRUKO ARGIAREN BILA

Pentsatzea da berriz ere ikusten  ikastea,

norberaren kontzientzia gidatzea,

irudi bakoitza toki pribilegiatu bihurtzea.

Albert Camus: ‘Sisiforen mitoa’  

Xabier Obeso (Errenteria, 1952) pintore eta grabatzaileak ibilbide artistiko luzea du atzean eta, XX. mendearen bigarren erditik aurrera nagusi den presioa izanda ere, figurazioari inoiz uko egin ez dioten   menderaezinen talde horretako partaidea da. Bere ibilbidean zehar, Obesok bide desberdinak miatu ditu eta, bideok agortu arte erabili dituela uste izan duenean, utzi egin ditu, gai eta adierazpide berrien bila hasteko. Esan genezake hasieran berarena zela surrealismo poetiko edo errealismo magiko bat, Franz Roh kritikari alemaniarrak 1925ean sortutako kontzeptuari jarraituta. Ondorengo fasean gizakien arteko harremanak eta  bizikidetza soziala izan ziren haren interesak. Gatazka sozialak irudikatzen zituen bere irudien gainean kolore desberdinetako gurutzeak-edo marraztuta. Geroago ez zuen gatazka horien azalpen hutsean geratu nahi izan, baizik eta saiatu zen ikusten haiek nola gainditu zitezkeen. Horrelaxe sartu zen errealismo filosofiko dei genezakeen fase batean, zeinak bai filosofiatik bai Jung-en pentsamendutik edo gnosis-eko klasikoetatik edaten baitu.    

 Artistak behin eta berriz agertzen diren ikur batzuk sortu ditu, eta horiek osatzen dute Ariadnaren hari egiazko bat beraren obran sartzeko. Aurreko etapan zeuden ikurrekin batera ─ espiritualitatearen isla diren basilika barrokoak; jatorrizko ura, zeinak, inkontzientea irudikatzeaz gain, dena dariola gogoratzen digun (penduluak ere badu funtzio hori); argiztapenaren argi-sorta─ hauek ere azaltzen dira: esfera, jakintza unibertsalaren eta denaren parte izatearen kontzientziaren ikur dena; lurpeko urak, korrespondentziaren printzipioa  eta goi/behea eta guretzat ikusezin dena gogoratzen dizkigutenak;  triangelua, Kandinsky-rentzat eta hermetikoentzat enblematikoa dena (maskulinoa erpina goian badu, femeninoa behean badu; ying eta yang, birsorkuntzarako santutegia); eta hemen, haren margolanetako baten hondoan, jakintzaren mendia. Kontakizun bat sortzeko, ordea, ez da nahikoa ikur horiek godalet batekin jaurtitzea, margolanak berezko edertasun intrintsekoa izan behar du. Xabier Obesok keinuen bidezko lan baten bidez prestatzen du zurezko euskarria, igeltsua eta marmol-hautsa erabilita.  Haren paleta aldatu egin da, eta argitsuagoa bihurtu. Haren pinturan badago musikal eta iheskor den zerbait, akuarela japoniarrenak bezalako efektu sotilak: susmatua ikusiaren ordez, introspektiboa hautemandakoaren ordez.  Urdin argia da nagusi, eta horrek margolana bakardade solemne batez blaitu eta ikuslea infinitura erakartzen du, Aratzaren eta Azken Xedearen mina piztuz berarengan .

Pintoreak sortzen duen giroa bere baitan ixten da, aldi berean ezkutatu eta agertzen den irudi baten antzera. Pinturaz eta euskarriaz harantzago joateko desio baten moduko bat dago, haren margolanak dira ahapeka esaten den poema liriko bat bezalakoak.

Xabier AURTENETXE

Kritikoa eta arte-komisarioa, Munich (Alemania

 

BISITA GIDATUAK: Larunbatero 18:30ean

 

Informazioa
Aranburu Jauregia
Nola iritsi