Deialdiak

GAZTE AUZOLANDEGIAK / 15 -18 urte

Deialdiak

GAZTE AUZOLANDEGIAK / 15 -18 urte

Tolosa 20400 Gipuzkoa

Lehen aldiz auzolandegi itxiak ere antolatu ditu udalak, 15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Astebeteko iraupena duen egonaldia egingo dute gazteek, uztailaren 1etik 7ra, eta auzolana eta abentura ekintzak uztartuko dituzte. 

Natura eta kultura uztartzeaz gain, auzolanaren bitartez kultur ondarea eta herri nortasuna lantzea izango dira eskaintza honen helburu nagusiak.

Lehen bi egunak Ilundaingo ostatuan igaroko dituzte, eta Irulegin indusketa lanak egiteko aukera izango dute Aranzadiko lantaldearekin batera. Astearte iluntzean Murillo de Gallegora joko dute, eta bertako kanping batean hartuko dute ostatu ondorengo egunetan. Bertan daudela, besteak beste, San Juan de La Peñara eta Loarreko gaztelura bisita gidatuak eta multi-abentura ekintzak egingo dituzte, barrankismoa, raftinga, hidrospeed eta gymkhana. 

Izen ematea dagoeneko abian da, eta maiatzaren 17an amaituko da epea. Udalaren webgunean dagoen formulario baten bidez egin ahal izango da. Leku kopurua baino izen emate eskaera gehiago baleude, zozketa bidez esleituko dira. Behin esleipena eginda, lekua duten horiek bakarrik behin betiko erregistroa egin beharko dute UDATEn edo egoitza elektronikoan. 

Egonaldiaren prezio publikoa hilabete honetako osoko bilkuran onartuko da, baina pertsonako 120 euro ingurukoa izatea aurreikusten da. 

Zalantzak argitzeko, edo izen emate prozesuan laguntzeko, Gazteria Sailarekin harremanetan jarri beharko da, 688 740 164 telefono zenbakira deituta edo gazteria@tolosa.eus helbidera idatzita. Dena den, izena ematen duten gazteen gurasoekin bilera informatiboa egingo du aurrerago udalak.

Informazioa
2024/05/01 - 2024/05/20
01:00 - 01:00
Aldizkakotasuna: