Deialdiak

23. KORRIKA - TOLOSATIK

Deialdiak

23. KORRIKA - TOLOSATIK

Tolosa 20400 Gipuzkoa

Irunen hasi eta Baionaraino, herriz herri igaroko da berriz ere Korrika, martxoaren 14tik 24ra. 

Harro herri lelopean, 23. Korrika izango da aurtengoa, eta Tolosatik ere igaroko da; hain zuzen, martxoaren 23an, larunbatean. Eguerdiko 13:45 aldera helduko da Alegia aldetik, Artzabaltzatik barrena, eta bide hau egingo du: Amarotz, San Blas, Bidebieta, Ibarra, Trianguloa, Oria kalea, Nafarroa etorbidea, Santa Klara, Plaza Zaharra eta Gorriti plaza. Belatetik barrena, Anoeta aldera abiatuko da.

Jai eguna izanik, festa giroa izango da herrian. Azoka ere izango da, baita festa giroko ekitaldi gehiago ere. Hori horrela, Tolosako Udalak herritar oro animatu nahi du euskararen aldeko ekimen erraldoi honetan parte hartu, eta beste behin ere, Tolosako kaleetan euskararen alde egitera.

Korrika Kulturala: Badon opera garaikidea

Korrikarekin batera, Korrika Kulturalaren eskutik, Badon opera garaikidea ere eskainiko da Tolosan. Korrika Kulturalaren helburua da Korrikaren alde lan egiten duten guztiei eskerrak ematea. Horretarako, kalitatezko kultur ekitaldi bat eskaintzen da, eta bide batez, euskal kulturaren askotariko adierazpideak bazter guztietara zabaltzen dira. 

Badon martxoaren 16an izango da Leidorren, arratsaldeko 19:00etan. Hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu baten emaitza da, sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko dituena.

Formatuari dagokionez, askotariko osagaiak ditu BADON* unibertsoak: baliabide bisualak (argia, bideoa), zuzeneko musika (organikoa eta elektroakustikoa) eta mugimendua, literatura eta bertsoak.

 

Korrikaren inguruko informazio gehiago www.korrika.eus webgunean dago eskuragarri.