Adinekoen erorketak saihesteko tailerra antolatu du Mugi Tolosak, martxoaren 18rako

Tolosako Udala
2024/03/14 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Tailerraren helburua da adinekoek egunerokotasunean izan ditzaketen arazoak identifikatzea eta horiei aurre egiteko edota saihesteko gomendioak ematea. 
  • Tailerra Kultur Etxeko areto nagusian egingo da, datorren astelehenean, martxoak 18, 10:30-12:30 bitartean. 

 

Datorren astelehenerako, martxoak 18, saio berezia antolatu du Mugi Tolosak, adinekoen erorketak saihesteko gomendioak emateko helburuarekin. Egunerokotasuneko esparru eta une ezberdinetan (etxean, kalean, egunez, gauez…) izan daitezkeen arrisku eta arazoak identifikatu eta horiei aurre egiteko eta saihesteko gomendioak emango dira.

15 minutuko lau hitzaldi labur

Tailerra Kultur Etxean egingo da, 10:30etik 12:30era bitartean eta 15 minutuko hitzaldi laburrez osatuta egongo da. Lehen hitzaldia osasun publikoko teknikariak eskainiko du. Etxean izan ditzaketen arriskuen inguruan mintzatuko da eta erorketak ekiditeko etxea modu egokian nola antolatu azalduko du. 

Anbulatorioko erizainek emango dute bigarren hitzaldia. Elikadura osasuntsuaren edota kirolaren garrantziaz arituko dira, besteak beste. Bide batez, BetiOn telelaguntza zerbitzuaren nondik-norakoak eta xehetasunak ere azalduko dituzte. Zerbitzu hau Eusko Jaurlaritzak sustatzen du eta horren bitartez erabiltzaileek arreta iraunkorreko zerbitzua izan dezakete etxean, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan. 

Hirugarren hitzaldia Tolosako udaltzainburuak eskainiko du, adinekoek kalean izan ditzaketen arriskuen inguruan, eta horien aurrean zenbait gomendio ere helaraziko ditu. 

Amaitzeko, udaleko kirol saileko teknikarien txanda izango da. Norberaren osasunerako eta, bereziki, erorketak saihesteko eta oreka mantentzeko kirolak duen garrantziaz arituko dira. Eserita egonda egin daitezkeen ariketak azalduko dituzte eta ondoren praktikan jarriko dituzte.  

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

Ostegunetan 17:00etatik 19:00etara etortzeko, EZINBESTEKOA da hitzordua izatea.

ESKATU HITZORDUA