Genero berdintasunaren aldeko borrokan gizonen parte-hartzea aztertzeko tailer irekia, datorren astean

Tolosako Udala
2024/05/08 | Berdintasuna
  • ‘Zein ekarpen egin diezaiokegu gizonok feminismoari?’ izenburupean, maiatzaren 16an egingo da Kultur Etxean. 
  • Feminismoaren inguruan beren rola eta posizionamendua birplanteatu nahi duten gizonei dago bereziki zuzenduta.


Jabetze Eskolako udaberriko egitarauaren barran, ‘Zein ekarpen egin diezaiokegu gizonok feminismoari?’ tailer irekia egingo da maiatzaren 16an, Kultur Etxean, Tolosako Jabetze Eskolak Tolosako Gizon Taldearekin elkarlanean antolatuta. 

Gizarte matxista baten parte izatearekin ados ez dauden eta feminismoaren barruan duten rola eta posizionamendua birplanteatu nahi duten gizonei zuzendutako tailerra da. Helburu nagusia da berdintasunezko harremanak sustatzea eta gizonek genero berdintasunaren aldeko borrokan izan dezaketen eraginari buruz hausnartzea. Horretarako maskulinitatea, indarkeria matxista eta berdintasuna bezalako gaiak jorratuko dira saioan. 

Tailerra arratsaldeko 19:00etan izango da, gazteleraz, eta Hiruki Larroxa kooperatibako Egoitz Albiolek dinamizatuko du. Hain zuzen, bere ustetan, «beharrezkoa da genero guztiak borroka feministaren alde agertzea; izan ere, borroka feministaren helburua aldaketa soziala da, eta aldaketa sozial orok bezala, pertsona guztien bizitzan eraldaketa sortzen duena. Horregaitik denok sartzen garen espazioa da».


Izen-ematea

Tailerra izaera mistokoa izango da eta parte hartzeko, pertsona interesdunek aurrez eman beharko dute izena, doan, ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxean edo online, udal webgunean


Gizonei zuzenduriko pedagogia feminista landuz

Gizarte justuagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzeko, Tolosako Berdintasun Sailak urteak daramatza, jarduera desberdinen bitartez, gizonei zuzendutako pedagogia feminista lantzen.

Prozesu horretan sortu zen, hain zuzen, Tolosako Gizon Taldea 2017an. Honek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean aurkako borrokan jarrera aktiboa sustatzea du helburu eta horretarako hilean behin biltzen da adostutako hainbat gaien inguruan ikuspegi kritiko eta eraikitzaile batetik gogoeta partekatua egiteko.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA