Indarkeria matxista pairatu duten edo pairatzen ari diren emakumeentzako auto-laguntza taldea sortu du Andragorak

Tolosako Udala
2024/04/15 | Berdintasuna
  • Ostegun arratsaldero izango dira saioak Andragoran, Clara Wolfram Perez adituak dinamizatuta.

 

Indarkeria matxista pairatu duten edo pairatzen ari diren emakumeei bideratutako auto-laguntza taldea jarri dute martxan ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eta Tolosako Udalak elkarlanean.

Clara Wolfram Perez Berdintasun eragile eta Emakumeen Ahalduntzean adituak dinamizatuko du taldea. Ostegunero batuko dira, Andragoran, 17:00tatik 19:00etara.

Ahalduntze eta erreparazio ariketa bat sustatu nahi da talde dinamikaren bitartez, espazio seguru batean gertatutakoa edo gertatzen ari dena ulertzeko gakoak emateko, norbere burua eta erabakiak ulertzeko eta maitasuna zer den, eta zer ez den bereizteko. 

Saioetan zama arintzeko eta erru, lotsa eta beldurrak desegiteko ariketak egingo dira, emozioak kanalizatuz, bizipenak partekatuz, tratu onen eredua sortuz, edo taldearen sosteguarekin konfiantza emanez. Horien bitartez, autoestimua berreskuratzea izango da helburuetako bat. Lanketa tematikoak ere egingo dira, rol, genero-agindu edo maitasunari buruzkoak, besteak beste.

Parte hartzeko, edo zalantzarik izanez gero, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearekin harremanetan jarri ahal izango da, hiru bide hauetako bat erabilita: 943 00 89 67 telefonora deituta, andragora@andragora.eus helbidera idatzita edo etxera bertaratuta.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

Ostegunetan 17:00etatik 19:00etara etortzeko, EZINBESTEKOA da hitzordua izatea.

ESKATU HITZORDUA