RALUY ZIRKUA
Raluy Zirku historikoak astebeteko geldialdia egingo du Tolosan. Gaur bertan iritsiko da, eta ostiraletik igandera bost ikuskizun eskainiko ditu, San Estebanen.
Ibilbide luzeko taldea da, tartean aldaketak izan baditu ere, 1911n Raluy familiak sortutako zirkuan baitu oinarria. Zirku berezia da, museo itxura izateraino. Izan ere, 1900. urteko zirku baten antza du: aitzinako ibilgailu eta gurdiak, estetika zaindua, kafetegia…
Rosa Raluyren zuzendaritzapean, zirku klasikoaren artisau lanari gorazarre egiten dio gaur egun, maila altuko diziplina ugariko ikuskizunak eskainiz: akrobaziak, orekariak, malabareak, magia, dantza, indar ariketak… Adin tarte guztietako publikoarentzat aproposak dira.
Mundu mailan aski ezaguna da, kontinente guztietako 30 herrialde baino gehiago bisitatu baititu. Baita sari ugari jaso ere: besteak beste, Espainiako Zirkuko Sari Nazionala, Max Saria eta La Creu de Sant Jordi sariak jaso ditu.
Gure Zirkuarekin harremana duen taldea da, gainera, tolosarrek gomendatuta iritsiko baitira gure herrira. Elkarlanean arituko dira, esate baterako, muntaia lanetan datozen egunotan, eta anfitrioi lanak egingo dizkiete. Ondoren, ordea, Gure Zirkuako lagunek Gasteizen hasi berri duten birarekin jarraituko dute.
Hiru egunetan bost ikuskizun eskainiko ditu Raluyk, Tolosan:
Maiatzak 17, ostirala. 18:30. Ikuslearen eguna (sarrerak merkeago daude)
Maiatzak 18, larunbata. 17:00 eta 19:30
Maiatza, 19, igandea. 12:00 eta 17:00.
Sarrerak dagoeneko salgai daude, raluy.com helbidean, eta online erosketek %10eko deskontua dute. Zirkuan bertan ere erosi ahal izango dira. Emanaldiak gazteleraz dira.