HaurrakElosegi Parkea

OLENTZEROREN BASOA

HaurrakElosegi Parkea

OLENTZEROREN BASOA

Tolosa 20400 Gipuzkoa

Badatoz Gabonak, Eguberria edo Olentzaroa;  ez baitira apaingarriak urteko mugarri zaigun garai hau iragarriko diguten bakarrak! Olentzaroa, basoetan, mendietan, giroan… edonon ageri zaigulako; natura bera delako Olentzaro; naturaren gorabeherek iragartzen digutelako Eguberria. Argi-ilun orduek, basoen soiltasunak, hosto erorien kris-kras-ak.

Zumardia Elkartea ere, Tolosako Udalaren laguntzarekin,  buru-belarri ari da Elosegi Parkea atontzen, aurten ere, Olentzaroak berezkoa duen soiltasuna egitura eta argiztapen xumez jantziz. Abenduaren 16tik 22ra izango da aukera berau bisitatzeko, arratsaldero, ordubete pasatxo iraungo duen ibilaldi antzeztuaren bidez. 

Usadio zaharrak gogoratu eta emakumeen lanen garrantzia bistaratu

Eguberriaren zentzua berreskuratzea helburu, kontakizunean, eguzkiak neguko solstizioan duen lekua izango da ardatz nagusia; honi loturik, usadio zaharrak gogoratuko ditugu, zeintzuk naturaren menpeko herri nekazari baten beharrei erantzuten dien. Aldi berean, garai haietan, bereziki, emakumeek egiten zituzten lanen garrantzia bistaratu nahi da.

Ez da Olentzerorik egongo, baina bertan dauden elementuek, etengabe, milaka begi dituela gogoraraziko digute. 

Bisitak 17:30etik 20:10etara

Arratsaldeko 17:30ean ekingo zaie ibilaldiei eta gehienez 10 pertsonaz osatutako taldeak sartuko dira 20 minuturo, azkeneko hitzordua 20:10etan izanik. 

Bertan parte hartzeko izena eman nahi duenak, beraz, azaroaren 24an arratsaldez eta 25ean goiz eta arratsaldez izango du horretarako aukera, aurrez aurre, Tolosako Antxon Bandres bidaiarien txokoan (haur liburutegiaren azpialdean) eta azaroaren 30etik aurrera online www.zumardia.eus web orrian.

Aurrez aurreko izen-ematearen ordutegia ondokoa izango da:

Azaroaren 24an: 16:00etatik 20:00etara

Azaroaren 25ean: 11:00etatik 13:00etara / 16:00etatik 19:00etara

Azaroaren 30etik aurrera, online: www.zumardia.eus

Sarreren dirua Amillubi proiektuko nekazariei

Sarrerari dagokionez, 2 urtetik gorakoentzat 5 euroko kostua izango du. Sarrera bidez lortzen den diruarekin, batetik, Olentzaroren Basoa ekimena egonkortu nahi da, eta bestetik, irabazi asmorik gabeko erakunde batentzat ekarpen ekonomikoa ziurtatu.

Pertsona bakoitzak, aurrez aurreko egunetan, gehienez 10 pertsonentzat hartu ahal izango ditu sarrerak eta eskudirutan ordaindu beharko da. Ez da txartelarekin ordaintzeko aukerarik egongo. 

Aurten, Olentzaroren Basoak, gainean daukagun klima eta energia krisiari aurre egiteko jarri nahi du bere aletxoa. Arlo honetan, beraien eguneroko lanarekin jasangarria eta burujabea den eredu baten alde lan egiten duten nekazariak goraipatu eta babestu nahi genituzke. Hori dela eta, Biolurrek (beste hainbat eragilerekin batera) eskuartean duen Amillubi proiektuari emango diogu dohaintza. Izan ere, Biolurrek (Nekazaritza ekologikoaren aldeko Gipuzkoako elkarteak) Amillubiko lurrak eskuratzeko apustua egin du bi helburu nagusirekin: bata, baldintza duinak izango dituen nekazal erreleboa bermatzea; bestea, balore agroekologiko handiko lurrak babestea.  

Bestalde, gogorarazi nahi dugu, eguraldiarekin loturiko alertaren bat iragarriko balitz, basoa itxi egingo dela eta, ondorioz, bertan behera geldituko dela ibilaldia. Kasu honetan, ordaindutako dirua itzuli egingo da.

“Ume, heldu, zahar zein gazte… Kriseilua eskutan hartu eta goazen Olentzaroan murgil egitera! Behatu, entzun, usaitu, ukitu,... Basoan izango gaituzue zuen zain!”, adierazi dute Zumardia Elkarteko kideek. 

Informazioa
Elosegi Parkea
Nola iritsi