MUSIKHERRIA 2024
Aurten, Musikherriak 10 urte betetzen ditu, eta, urtero legez, musika Tolosako auzo askotara zabalduko du. Aurten 18 taldek parte hartuko dute.
Goizeko 10:00etatik aurrera, kalejirak izango dira San Blas, Amarotz, Berazubi, Iurre, Izaskun, Arramele eta San Esteban auzoetan, eta ondoren, Tolosako erdigunera pasako da jai-giroa. Eguerdi partean, bi lekutan kontzertuak egingo dira: Lopez Mendizabalen konboak entzuteko aukera izango da; eta Plaza Berrian, aldiz, abesbatzak eta akordeoiak izango dira protagonista.
Bazkaria Zerkausian egingo da urtero moduan, Laskorain Ikastolako ikasle eta gurasoek prestatuta. Irabaziak Zutani elkartera bideratuko dira. Bazkarirako txartelak bihartik aurrrera izango dira salgai Orbela eta Xirimiri tabernetan, helduentzat 15 euroko salneurrian, eta 14 urtetik azpiko haurrentzat 10 eurotan.
Arratsaldean, 18:30etik aurrera, Euskorleans taldeak, New Orleanseko soinuak ekarriko ditu Tolosara, eta egunari amaiera jartzeko, gauean Komando Funk eta Tapia eta Leturiaren kontzertuak izango dira. Abesti ezagunen bertsio dantzagarriak gerturatuko ditu Komando Funk taldeak, groove, swing, jazz eta funk erritmoetara egokituta. Tapia eta Leturia, berriz, banda osoarekin batera arituko dira.