Musika

MUSIKALDI 2024

Musika

MUSIKALDI 2024

Tolosa 20400 Gipuzkoa

Bi urtez behin, Musikaldik, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen topaketak, herritik herrira egiten du salto eta aurten Tolosak eta Ibarrak hartuko dute. 

Hain zuzen, jaialdiaren helburu nagusia da elkartea osatzen duten ikasle eta irakaslegoa elkartzea, ezagutzea eta modu bateratuan kontzertuak lantzea. Helburu horretatik abiatuta, antolaketa bera ere modu horretara egin dute, elkarlanean. Horregatik, ‘Musikonexioa’ izango da jaiaren leloa, bi eskolak, bi herriak eta Euskal Herriko gainerako eskolak elkar konektatuko direlako.

Aurtengo jaiak Euskal Herri osoko 53 musika eskola batuko ditu. Partehartzaile gehienak Loatzo Musika Eskolako eta Tolosako Eduardo Mocoroa Musika Eskolakok izango dira, biak ala biak, 2024ko Musikaldiko antolatzaileak.

Egun osoan zehar, 15 musika genero eta estilo ezberdinetako 200dik gora taldez gozatu ahal izango da. Horien artean daude, besteak beste, musika bandak, ganbera taldeak, dultzaina, akordeoi, txistulari edota harizko taldeak, konboak, abesbatzak eta dantza taldeak (balleta, euskal dantza, garaikidea...). Behar bereziak dituzten ikasleen 100 kidetik gorako bandak ere parte hartuko du.

Guztira 2.700 pertsona inguru elkartuko dira; 500 bat lagun abesbatzetan, 450 inguru trikititxa taldeetan eta ia 400 pertsona musika bandetan. Guztiak arituko dira Tolosa eta Ibarrako kaleak musikaz girotzen.

Hain zuzen ere, zortzi gunetan izango dira kontzertuak, goiz osoan zehar. Gune nagusia Zumandiaundia izango da, bi herrien lotura puntua, alegia. 10:00etan emango zaio hasiera jaialdiari bertan, behar bereziak dituzten ikasleez osatutako bandaren kontzertuarekin. Ondoren Alurr eta Udaberri dantza taldeen emanaldia izango da. Ekitaldi berean, pertsona edo talde batek Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen ohorezko izendapena jasoko du, euskal kulturari egindako ekarpenagatik; eta bi urte barru Musikaldi antolatuko duen herriak ere lekukoa hartuko du.

Tolosan, beste lau gunetan izango dira emanaldiak: Topicen ganbera-musika kontzertuak eskainiko dira, Alondegiaren eta Frontoiaren artean, banda eta konboak arituko dira, Herrikide ikastetxean abesbatzak eta akordeoi taldeak elkartuko dira eta Leidorrek ballet eta dantza garaikideko emanaldiak jasoko ditu. 

Ibarran, Azkue plazan, euskal dantzak eta txistuak izango dira; Udaletxeko plazan, bandak eta soka orkestrak eta Emeterio Arresen, abesbatzak eta trikitixak. Horrez gain, kaleetan zehar hainbat kalejira egingo dira musika banda eta akordeoi, dultzaina eta trikitixa taldeekin. Arratsaldean jaiak jarraipena izango du, Ibarrako kaleetan, Distopia elektrotxarangaren erritmoan.