MusikaAldaba Auzoa

MIRUA

MusikaAldaba Auzoa

MIRUA

Tolosa 20400 Gipuzkoa

Mirua talde gazte gipuzkoarrak Harrobia saria irabazi zuen Gaztea irratiko maketa-lehiaketaren 2021eko edizioan, eta orain lehen singlea argitaratu du Oso Polita diskoetxearekin. Egunak uzten ez didanetan abestia hausnarketa bat da, gauza guztiak egiteko ilusioaren eta irrikaren aurrean lotzen eta atxikitzen gaituen horren gaineko hausnarketa bat. Malentxo Zeberioren ahotsa nabarmentzen da gitarren, harien, pianoaren eta sintetizadoreen soinuen tartetik, esentzia berezia emanik abestiari; malenkoniatsu hasten da singlea, eta gaiarekin gora egiten du, irmo eta motibatzaile bukatzeko. Azken batean, talde honek ibilbide oso interesgarria egiteko beharrezkoak diren osagai guztiak ditu, eta guk gertu-gertutik egingo diogu jarraipena, potentzial eta talentu handikoak diren aldetik.

Abesti honen ideia egunsenti batean sortu zitzaion Malentxori, inspirazio-une batean, bere gitarrarekin zegoelarik, eta, bere hitzetan, letra ere bere kabuz etorri zitzaion. Orain arte, kontzertu akustikoetan baino ez zuten jotzen abestia, baina Mattinen etxeko estudioan sartu, ordenagailua piztu eta ekoizteko erabakia hartu zuten. Orain, Egunak uzten ez didanetan single bihurtu da, eta taldearen hurrengo EParen lehen aurrerapena izango da; EPak 4 abesti bilduko ditu.

2019. urtean sortu zen Mirua: Maitane Iru eta Malentxo eta Mattin Zeberio anai-arrebak dira taldekideak, eta euskal musikaren barruan soinu berriak arakatzen dituzte, euskara hutsez idatzitako kantautore-letrak pop-melodia klasikoekin eta sintetizadoreekin uztartuta. Bi abesti argitaratu dituzte orain arte, Arnasten du hemen eta Koloreek; azken horrekin lortu zuten 2021. urtean Harrobia sariairabaztea Gaztea irratiko maketa-lehiaketan, eta sari horri esker grabatu dute EPa Oso Polita diskoetxearekin.

Informazioa
Aldaba Auzoa
Nola iritsi