KULTURA PLAZARA ... ETA BESTE PLAZAK
Udari itxiera emango dio aurten Kultura Plazara jaialdi nagusiak. Uztailean beharrean, iraila amaieran ospatuko da, 27tik 29ra. Lekua ere ezberdina izango da: Zumardiatxikiaren ordez, Zumardiaundian izango da.
Hiruna emanaldi izango dira lehen bi egunetan: ostiralean, Amaia Elizaran tolosarraren dantza ikuskizuna eta Janus Lester eta Belako taldeen kontzertuak; larunbatean, berriz, Alurr dantza taldeak ‘Zamaltzain’ ikuskizuna eskainiko du eta iluntzean, Mikel Urdangarin eta Mugan arituko dira. Igandean, Tolosaldeko sortzaileen azokak itxiko du jaialdia.
Azokan artea, arropak, serigrafia, pinturak, bitxiak edota bestelako lanak sortzen dituzten ekoizleek parte hartu ahal izango dute. Parte hartzeko deialdia zabalik da, eta interesatuek mezua bidali beharko dute kultura@tolosa.eus helbidera, honako datuak adieraziz: izen-abizenak, ekoizten duenaren inguruko xehetasunak, harremanetarako telefono zenbaki eta helbide elektronikoa, sare sozialak eta sortzen dituen lanen argazki pare bat. Uztailaren 15a izango da izena emateko azken eguna.
Horrez gain, eta ohikoa den moduan, ‘Beste plazak’ lelopean, auzo batzuetara zabalduko da udako kultur eskaintza. Landa auzoetako emanaldietarako autobus zerbitzua eskainiko da. Emanaldia hasi baino ordubete lehenago irtengo da autobusa San Frantzisko pasealekuko geltokitik. Izena ematea beharrezkoa izango da, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita.