KULTUR TAILERRAK 2024/25
Dagoeneko zabalik da datorren ikasturteko Tolosako Kultur Etxeko tailerretan izena emateko epea. Tailerren eskaintzak antzerkia, argazkilaritza, balleta, dantza garaikidea, ehoziri eta patchworka, pintura, eskulanak eta zeramika biltzen ditu.
Aldaketa 2024-2025 ikasturterako izena emateko prozeduran
Izena emateko prozedura aldatu da aurten. Bi aldaketa garrantzitsu izango dira. Lehenik eta behin, izen ematea egiteko prozedura aldatu da, eta modu ofizialean izapidetu beharko da.
Hiru modutara egin ahal izango da. BakQ edo bestelako ziurtagiri digitala dutenek Erregistro elektroniko bidez egin ahal izango dute. Aurrez aurre bi lekutan egin ahal izango da: Kultur Etxean, uztailaren 1etik 16ra eta abuztuaren 26tik irailaren 13ra, arratsaldez, 16:00-19:00; eta UDATEn, uztailaren 1etik irailaren 13ra bitartean.
Prozedura aldatu denez, izena emateko epea ere nabarmen zabaldu da: uztailaren 1etik irailaren 13ra arte egin ahal izango da, aipatutako hiru bide horietako bat erabiliz.
Plazak agortuz gero, esleipena zozketa bidez
Ikastaroren batean leku kopurua baino izen emate gehiago egongo balira, zozketa bidez esleituko dira. Horrela, interesa duten herritar guztiek parte hartzeko aukera izango dute.
«Tailer batzuen interes maila asko igo da azken urteetan, baina ikasle edo onuradun asko urtez urte errepikatzen ziren, lehentasuna zutelako, eta horrek ikasle berrien parte hartzea zailtzen zuen. Interesa duten herritar guztiei zabaldu nahi izan diegu izena emateko aukera, udal gisa aukera-berdintasuna bermatu behar baitugu», azaldu du Goiuri Ezeiza Tolosako Udaleko kultura zinegotziak.