MusikaSan Frantzisko eliza

KANTIK - IV. AHOTS MUSIKA ZIKLOA

MusikaSan Frantzisko eliza

KANTIK - IV. AHOTS MUSIKA ZIKLOA

Tolosa 20400 Gipuzkoa

 

Pandemiak gogor kolpatu du abesbatzen mundua, eta Tolosan ongi dakigu hori. Ikusi besterik ez dago herrian bertan nolako arazoak izan ditugun Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa antolatzeko, eta zein neurri zorrotzak jarri dizkiguten beste edozein kontzertutarako ere.

Baina gauzak hobeto daudela dirudien honetan, eta bi urteko geldialdiaren ondoren, Hodeiertzek aukera ikusi du KANTIK musika zikloaren IV. edizioa antolatzeko, eta horren berri ematera gatoz.

Normalean udazken aldera antolatzen dugun zikloa izaten da, zeinetan ahalegina egiten baitugu eskualdeko taldeei entzungarritasuna emateko eta, aldi berean, txoko berezi bat eskaintzen diegu gazte abesbatzei, hemendik urte batzuetara abesbatzarik izango bada, beraiek direlako gaurtik hasita bidea egin behar dutenak.

Horregatik, eta aurtengo edizioa oraindik erdi zintzilik dagoen honetan, ezin izan dugu pasatzen utzi kontzertu ezin erakargarriago bat eskaintzeko aukera, uztailean bada ere: Coro Juvenil da Universidade de Lisboa abesbatzak kontzertu bira bat eskainiko du Euskal Herrian, eta aukera aprobetxatuz, datorren uztailaren 1ean, ostirala, primerako kontzertua eskainiko digute iluntzeko 19:30ean Tolosako San Frantzisko elizan.

Coro Juvenil da Universidade de Lisboa abesbatzak 2005ean eskaini zuen bere lehen emanaldia. Harrezkero ehunka kontzertu eskaini ditu, bai Portugalen eta bai atzerrian, eta gaur egungo gazte abesbatza ezagunenetako bat bihurtu da, kantatzearekin batera mugimendua eta antzerkia uztartzen dituen lengoaia bat sortuz. Nahasketa horri esker, musika emanaldiez gain parte hartu du orobat antzerki produkzioetan edo zinemako proiektuetan ere.

Erica Mandillo zuzendaria eskarmentu handiko musikaria da. Bere ibilbidea zientzien munduan hasi zuen arren –biofisika ikasketak egin zituen-, piano eta kantu ikasketak osatzea lortu zuen, eta zientzialari ogibidea alde batera uztea erabaki zuen buru-belarri musikan murgiltzeko. Hala, 2005ean Coro Juvenil da Universidade de Lisboa sortu zuen, haur eta gazteekin musika lantzeko modu berri baten bila.

Hortaz, hauxe izango da IV. KANTIK musika zikloaren barruan antolatuko dugun lehen kontzertua, ezin baikenuen pasatzen utzi hain abesbatza erakargarri bat herrira ekartzeko aukera. Horrez gain, beste kontzertu pare bat antolatzen ari gara udazken alderako, baina aurrerago izango duzue horren berri.

Informazioa
San Frantzisko eliza
Nola iritsi