MusikaTopic

EUSKAL DANBOLINAREN AROAK - ANSORENA - SENPERENA

MusikaTopic

EUSKAL DANBOLINAREN AROAK - ANSORENA - SENPERENA

Tolosa 20400 Gipuzkoa

Jose Ignazio ANSORENA & Joserra SENPERENA / Euskal Danbolinaren Aroak

Saio pedagogiko, aldarrikapen historiko eta aldiberean soinu esperimentazio garaikidea, Joserra Senperena eta Piter Ansorenaren “Euskal Danbolinaren Aroak” Beasaingo Igartza Jauregian 2021ko apirilaren 8an Joserra eta Piterrek eginiko emanaldia jasotzen du. 2006an “Chillida-Lekutik” argitaratu ondoren eta hari berari tiraka eginez hilabetetako lan sakon eta artatsua borobilduz, haren emaitza liluragarria arretaz eta dagokion patxadan, ñabardura finenak antzeman eta dastatzeko aukera paregabea eskaintzen digu.

Danbolina, esku bakarrez jotako txilibitua eta beste eskuaz astindutako danbortxoa alegia, XII. Mendean Europako txoko ezezagun batetan asmatu eta berehala inguruko herrialdeetara hedatutako tresna da. Ehundaka urte hauetan arrakasta eta ospe handienaren gozamena eta era berean, ahanztura eta desprezio artistiko latzena jasan izan ditu. Ibilbide historiko eruditu eta pizgarri baten bitartez Piter eta Joserrak, soiltasun handiz, doinuen muinera ailegatzen dira, bere esentzia puruena eta pianoaren lirismo leun eta goxoaren urruman ia arrotza zaigun edertasun txundigarriaz azalarazten digute emanaldi honetan. Dialogo emankor honen 12 lagin moduko doinu hauetan 1827ko dantzarako soinuak, ilustrazio garaiko pieza sofistikatuak, karlistaden garaiko jaio girorako moldaketak, euskal tradizio eta moral erlijiosoari lotutako doinu kastoak eta egungo esperimentazio freskagarriak aurkitu ahal izango ditugu.

Joserra Senperenak hamaika disko kaleratu ditu bere izenean, horietako batzuk Jose Ignazio Ansorena eta Rafael Berrio musikariekin partekatuta, baita beste diziplinatako artistekin ere: Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta, Rafa Egiguren, Jose Luis Zumeta eta Dora Salazar. Oraingoan, zinema musika konposatzeari eskaintzen dio denbora, nagusiki. Josu Martinez, Juanba Berasategi, Julio Medem edota Koldo Almandozen filmen soinubandak konposatu ditu. Udazken honetan egindako azkena estreinatuko da, Ritxi Lizartzak zuzendutako "Apaiz kartzela”.

Jose Ignazio “PIter” Ansorenak, ordea, herri musikari dedikatu dio nagusiki bere jarduna. Bere ezagutza eta trebetasuna handiak izan arren, musika alorretik kanpo da agian ezagunagoa bere pailazo eta showman fazetatan. Edozein erara, bere ibilbide musikala guztiz aparta da ere 1979an Donostian ospatutako I. Txistulari Bakarreko Txapelketaren garaile bilakatu zenetik gaur arte. Bertako Txistulari taldeko zuzendari izan da hainbat urtez eta katedra baten jabe da. Txistuaren afinaketa tekniken ikerkuntza eta pedagogia inor baino sakonago landu ditu, erreferentziazko gida liburuak idatziaz eta herri musika eta doinuen ikertzaile nekaezina izan da urte guzti hauetan. Bakarlari gisa edota Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoekin hainbat disko plazaratu ditu, baita Joserra Senperena bera edo Alvaro Cendoya piano jotzaileekin ere.

Esperientza eta jakituri horren islada da disko honetako aniztasun koloretsua eta historikoki aberasgarria. Baina agian garrantzitsuena eta baliagarriena dena, estreinako aldiz doinu berri bat entzuteko unearen zirraraz eta freskotasunez jarduteko erakusten duten gaitasuna da. Esperientzia eta jakituria horrek berak ahalbidetzen duen sentsibilitate delikatu batez josia baitago harreman hori eta ondorioz, hunkigarria eta harrigarriki berria eta zirraragarria zaigu beste behin ere.

Sarrerak: Topic-eko leihatilan eta www.topitolosa.com