BesteakTolosako Kultur Etxea

ETXEAK ETA HILOBIAK - IRAKURLE TALDEA

BesteakTolosako Kultur Etxea

ETXEAK ETA HILOBIAK - IRAKURLE TALDEA

Tolosa 20400 Gipuzkoa

Abuztuan ez du saiorik egingo irakurle taldeak baina irailaren 23an ekingo dio berriz ikasturte berriari. Lehen irakurgaia, Bernardo Atxaga idazle asteasuarrak 2019an argitaratu zuen Etxeak eta hilobiak liburua izango da. Saioa 19:00etatik aurrera egingo da, Tolosako Kultur Etxean eta ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du taldeko dinamika. Hitzorduan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea.

Ibai bakarrera jotzen duten errekak dira Bernardo Atxagaren azken nobela hau osatzen duten piezak. Zein bere bidetik doala dirudi, baina korronteak, logika narratibo sendo batek, norabide berean daramatza denak.

Badoaz urak, eta badoa irakurlea Ugarteko herritik Pauera, edo Baionara, edo Gaztelara, edo Texasera. Etengabea da mugimendua. Etengabea protagonisten joan-etorria ere. Narrazioan sartu eta atera dabiltza txikitan bat izandako anaia bikiak, Frantziara frantses ikastaro bat egitera joan eta mutututa itzuli den nerabea, Madrileko El Pardo kuartelean gertatu diren lau lagunak, astero Baionako psikiatra batengana joaten den ingeniaria, From fat to fit telebista programaren protagonista, sindikatu baten aldizkarian diharduen emakume gaztea, ospitaletik alde egiteko gogoz dagoen neskatoa…

Ezagutzen genuen lehendik ere Atxagaren ahalmen poetiko handia, unibertso osoak eta sakonak eraikitzeko gaitasuna. Narratzaile aparta dela ere bagenekien. Dohain horietaz gozatzeko aukera izango du irakurleak Etxeak eta hilobiak honetan. Betiko Atxaga dugu, alde horretatik. Baina ofizioak findutako idazkerarekin dator oraingoan. Heldutasunak ondutako begiradarekin.

Saiora joan ahal izateko izen-ematea

Hitzordua guztiz irekia bada ere, saioan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, beheko formularioa bete behar da eta ondoren, emailez bidaliko dira saioan parte hartzeko jarraibideak.

Informazioa
Tolosako Kultur Etxea
Nola iritsi