ELKANO BROWNING CREAM - TOLOSANDBLUES
Franck Mantegari, bateria
Dave Wilkinson, gitarra
Mikel Azpiroz, organoa
2007an Elkano Browning Cream-ek izen bereko diskoa kaleratu zuenetik, taldearen ibilbideak ezaugarri hauxe izan du: musikari buruzko ikuspegi ertz askotarikoa; eta horrela ateratzen dira ñabarduretan aberats diren diskoak, melodia landuekin eta osagai erritmiko ahaltsuarekin. Mikel Azpiroz pianista eta organista donostiarrak koordinatuta, taldea osatzen dute Franck Mantegari bateria-jotzaile paristarrak eta Bartzelonan bizi den Dave Wilkinson gitarrista britaniarrak. Aldi berean, nork bere kolaborazioak egiten ditu beste musikari batzuekin, horien artean Alpha Blondi, Saint Germain, Brian Jackson edo Jabier Muguruza. Bagaje horri taldearen nazioarteko izaera gehituta, emaitza da nortasuna daukan jazza, eklektikoa eta exotikoa. 2010ean argitaratu zuten “2” albuma, lehenengoaren ildotik, eta 2012an “Bohemia”, doinu zingaroz osatutako bitxi bat, kaleko musikarien omenezkoa. Orain, “UH EH”-rekin, nabarmen agertzen dira taldearen heldutasuna eta sendotasuna.
Taldearen kultur aniztasunak badakar beste ondorio bat ere: halako joera nomada bat. USAn hasi zirenetik –han ezagutu zuten elkar-, taldeak Europa, Amerika, Asia eta Ozeaniako hainbat jaialdi eta tokitan jo du: Donostiako Jazzaldian, Woodford Folk Festival-en (Australia), Shangaiko Cotton Club-en (Txina), Quitoko Jazz Festibalean (Ecuador), Delhiko Jazz Festibalean (India), Madrilgo Los Veranos de la Villa emanaldietan, Getafeko Cultura Inquietan-n...