BIGARREN ESKUKO AZOKA
Alondegi plazan, Ingurumen Astea ospatzeko azoka izango da, 10:00etatik 14:00etara, eta kontsumo-eredu zirkularra bultzatzea du helburu. Hala, bigarren eskuko produktuak eskuratzeko aukera egongo da, hartara, kontsumo arduratsua eta berrerabilpena sustatzeaz gain, hondakin-kopurua murrizten eta lehengaien kontsumoa gutxitzen laguntzeko.
Larunbatean honako aukera hauek izango dira:
Bigarren eskuko azoka, Ana Yurd Munduko Emakumeen Elkartearen eskutik.
Gordailu salmenta. Herritarrek aukera izango dute egoera onean dauden baina erabiltzen ez dituzten objektuak saltzeko. Objektuak 09:30etik aurrera eraman ahal izango dira (pertsonako gehienez bost objetu onartuko dira).
Udal-egitasmoen erakusketa. Herritarrek aukera izango dute Ingurumen Sailean azken hilabete hauetan egin diren tokiko ekimen batzuk ezagutzeko.
Bigarren eskuko bizikleten azoka, Gurpilguneak (Zumardiak) antolatuta. 09:00etatik aurrera, herritarrek euren bizikletak eraman ahalko dituzte, eta bertan utzi saltzeko. Saldu ezean, 14:00etan bizikletaren bila pasa beharko dute.






