BERTAKO HARAGIEN AZOKA
Euskal Herriko haragi-mota ugariren plaza izango da Tolosa maiatzaren 15etik 18ra. Bertako Haragien Azokak, gertuko ekoizleen eskaintzaren aniztasunari balioa eman eta eskaintza hori denoi gerturatu ez ezik, salerosketa, dastaketak eta musika ere uztartuko ditu.
Iaz hartutako bideari eutsiz, bertako haragien ekoizpenari bultzada ematea izango du ardatz azokak. Aitor Agirresarobe Merkataritza, Turismo eta Azoketako zinegotziak azaldu duenez, ordea, sektorearentzat une delikatua da, hiltegiaren egoera tarteko: «Ez da erraza izaten ari, baina honek zerbait azaleratu badu, hiltegiaren funtzioaren garrantzia da. Kate osoari eragiten dio. Hiltegi bizi bat izan dezagun, baina, ezinbestekoa da ekoizle eta gertuko harategi txikiak indartsu egotea, eta horiei ikusgarritasuna eta bultzada ematen zentratuko gara Bertako Haragien Azokan. Hiltegiaren Mankomunitatea osatzen duten Tolosaldeko eta Goierriko 46 herriak saiatzen ari dira irtenbide bat ematen aspalditik arrastaka daramagun egoera honi. Espero dezagun lenbailehen lortzea, sektore osoaren mesederako izango baita».