IkastaroakTolosako Kultur Etxea

ARGAZKI TAILERRA

IkastaroakTolosako Kultur Etxea

ARGAZKI TAILERRA

Tolosa 20400 Gipuzkoa

Argazki tailerra Kultur Etxean

Adierazi beharrik ere ez dago zeinen egoera zaila ari garen bizitzen koronabirusa dela eta. Ohitura asko aldatu egin dira, eta gizarte-paisaia maskara, prebentzio, zalantza eta abarrez bete da. Hau dena pasatzen denean, azkenean pasako baita, hilabete horiek modu berezi batean idatzita geratuko dira gure herriaren memoria txikian. Memoria hori mantentzen saiatze aldera, Kultur Etxeak argazki tailer bat planteatu du, begirada jarriko duena gertatzen ari den honetan guztian eta gu guztioi eta gutako bakoitzari gertatzen ari zaion horretan guztian.

Tailerraren ezaugarriak:

Tailer hau ez da argazkigintza ikastaro bat, baizik eta halako espazio bat, aurrera ateratzeko hainbat proiektu fotografiko, zeinak, modu librean, Tolosan, koronabirusaren hilabeteetan” izenburupean landuko diren.

Proiektu horietako batzuen xehetasunak gradualki proposatuko dizkie tailerreko arduradunak parte-hartzaileei; hau da, ezaugarri oso zehatzak eta errazakdituzten hainbat ideia planteatuko ditu, eta ideia horiek nork bere aldetik gauzatu beharko ditu hainbat astetan.

Gainera, parte-hartzaile bakoitzak proiektu bat (edo gehiago) pentsatu eta egin beharko du, bere ekimenekoa, eta tailerrak irauten duen denboran garatu beharko du. Erabatekoa izango da proiektua edo proiektuak planteatzeko eta egiteko askatasuna: Tolosako bizitzarekin zerikusia duen erreportaje-lan bat izan daiteke, lan pertsonalago bat...

Edozeinek eman dezake izena tailer honetan. Garrantzirik ez du aurrez argazkigintzan esperientzia izateak edo ez izateak; benetan garrantzia duena da gogoa izatea sormenari halako denbora bat eskaintzeko. Edozein eratako argazki makina edo telefono mugikorra erabil daiteke.

Tailerraren arduraduna Iñigo Royo izango da. Haren lana izango da, batetik, ideia zehatzak gradualki proposatzea, eta, bestetik, sortu daitezkeen zalantzei erantzutea, aholkuak ematea, animatzea, bideratzea, motibatzea, xaxatzea...

Lehen egunean bilera egingo da parte-hartzaile guztiekin, tailerraren ezaugarrien berri emateko eta ideiaren bat planteatzeko, hura lantzen hasteko. Arduraduna Kultur Etxean egongo da astearteetan eta asteazkenetan, 18:30etik 20:45era, aurrez aurreko bilerak egiteko lehendik hitzordua hartua dutenekin. Talde txikitan egingo dira bilerak (1–3 lagun), zalantzak argitzen saiatzeko, egiten ari diren lanak komentatzeko... On-line bidezko bilerak egiteko aukera ere badago hala nahi dutenekin; edo pandemiak hartara behartzen badu.

Aldian-aldian, bi edo hiru astean behin, bilera egingo da parte-hartzaile guztiekin, lortzen ari diren emaitzak berrikusteko eta ideia berriak planteatzeko, gero haiek lantzen joateko. Lau hilabete iraungo du tailerrak.

Tailerra bukatu eta gero, saiatuko dira egindako lan zati bat jendaurrean erakusten.

 

OINARRIZKO DATUAK:

Hasiera data: otsailak 2.

Amaiera: ekainaren hasiera.

Prezioa: 100,00 €

Gutxienez 10 partaide eta gehienez 20.

 

Izenemateak Kultur Etxean – 943670383 – kultura@tolosa.eus

 

 

Informazioa
2021/02/02 - 2021/06/09
01:00 - 01:00
Aldizkakotasuna:
Tolosako Kultur Etxea
Nola iritsi