ADIERAZTEKO MODUAK ... IRUDIAK ETA MEZUAK
Carmen Mateo Orus tolosarrak akuarela lanak aurkeztuko ditu; Xabier Olano Jauregi altzotarrak eskulturak; eta Silvia Mateo Orus tolosarrak olerkiz lagunduko du erakusketa. Hiru artista eta hiru adierazpide. Egileen hitzetan, sortu diren sinergiekin gozatu dute gehien.
Pentsamenduak, emozioak, hausnarketak… adierazteko modu asko daude eta gizaki bakoitzak erosoen egiten zaiona aukeratzen du. Harentzako erosoena dena, erakargarriena, edo, nolabait erraietatik ateratzen zaiona.
Gure kasuan, 3 pertsona gara eta 3 adierazpide jarri ditugu erakusgai. Norberak berea. Baten kasuan, margoek, koloreek eta formek laguntzen diote islatzen bere barne bizitza. Haiekin jolastuz sentitzen da osoen. Beste batek egurrean aurkitu du baliabide noble eta zintzoa. Material honen izaera biziak eta beroak erakarrita, haren tolesdurak eta zimurrak aprobetxatzen ditu irudiak sortzeko. Hirugarrenarentzat, aldiz, hitzak dira komunikatu nahi duena esateko baliabide kuttunena. Gehien maite duen hizkuntzan.
Aipatutako baliabideekin jolastuz sortu ditugun sinergiekin gozatu dugu gehien. Azken finean, gizakiok, beti, elkarrekin ikasi eta aberasten garelako. Elkarren artean zerbait sortzeko aitzakia ematea eta gogoa piztea benetan ederra iruditzen zaigu. Osagarriak garelako.
Mimo handiz prestatu dugun honekin zu ere gozatzea espero dugu. Nork daki, agian zuri ere zerbait sortzeko gogoa piztuko dizu!
Carmen Mateo Orús (akuarelak) / Xabier Olano Jauregi (eskulturak) / Silvia Mateo Orús (olerkiak)
Nola iritsi





