ErakusketakAranburu Jauregia - Udal Liburutegia

ADAR LOTUAK - IF

ErakusketakAranburu Jauregia - Udal Liburutegia

ADAR LOTUAK - IF

Tolosa 20400 Gipuzkoa

iF-ek (Uztaritze, 1977) gogoeta eta ideia trukerako katalizatzaile bihurtzen du Arte-sorkuntza, hargatik da berea askatasunaren artea. Asmo hori bete ahal izateko, obrak edukiz eta zentzuz betetzen ditu. Ezinbestez bere bizipenetatik abiatzen bada ere, unibertsalak diren gaiak lantzen ditu artistak: maitasuna, sexualitatea, hutsunea, normak eta legedia, boterea, hirigintza eta jendarte antolaketa, hizkuntza, aktualitate politikoa… horren guztiaren hari zapalkuntzak eta askatasuna direlarik.

2010eko Inkontzientearen Adierazpenak goiburudun serie erdi-figuratibo biegonkorrean agertzen den mundu irakurketan dena dago jadanik: kasik tribala izaterainoko kolore bizia bezala forma xelebreak dakarzkien marra ilustratzailea. Politikoa, poetikoa, maitasunezkoa, egunerokoa… edozertarikoa da gaia. Arrak eta Garrak seriea (2011) salbazio bakartia da, preso atxikia den maitaleari egindako desio aitormena: forma uzkurrak, adoretsuak, puztuak, suzkoak, prometeikoak… gorpuztu dira, hitzez hitz; haragia goratzen da pigmentuekin amesten duen desioaren kritika bitarteko. Isilduak seriearekin (2012-2019) akrilikoaren hedapen-isuria dator, baina zur gainean.

Teknika eta gaia liskarrean dabiltza: margoak aske askatasun eza adierazten, ironia bete-betean. Maitasunak salaketari pasa dio lekukoa. Arestiko adar horrek adar-begi berriak kimatu ditu. Hirisilduak serieak isilduen zikiratze-erreinua grabatu eta moldatu du, bizia biribilgunetan katramilatua balego bezala kale itsuetan amaitzeko. Amalurra paisaia berdindu artifiziala bilakatu da, ttitta zuriek eritasunaren iturria salatzen dutelarik. Bestetik, Zaindariak multzoko obrak jendarte kontsumistaren aldarean sakrifiziorako itxaron-zerrendan dauden kulturen eta hizkuntzen ordezkari mututuak dira. Horiei denei kasik naturalki batzen zaizkie aktualitateari loturiko Hitzarako marrazkiritziak. Erakusketa honetan, artista lapurtarraren azken hamabi urteotako laurogei pieza baino gehiago dituzu ikusgai. Ikusgai ala gogoetagai?

Informazioa
Aranburu Jauregia - Udal Liburutegia
Nola iritsi